Mikel Retolazak zuzentzen duen Euskal Ligako nesken juniorrak Malosten jokatuko du Lauko Finala. Bigarren fasean talderik onena izanik eta Espainiako Txapelketarako txartela poltsikoan izanik, Euskal Ligako txapeldun izendatu nahi du etxean.
Zelangoa izan da taldearen denboraldia?
Taldeak denboraldi zoragarria egin du, bai lehen fasean baita bigarrenean ere. Lan handia egin dute eta emaitzak horren erakusle dira. Gainera, talde erdia lehen urtekoa izanik egokitzapena oso arin egin dute Euskal Ligako exijentzira eta mailara. Denboraldi hasiera bikaina egin genuen eta oso arin lortu genuen hasieran talde denok genuen helburua, hau da, A1 ligarako sailkapena eta datorren urtean Euskal Ligan lehiatzeko eskubidea. Horrek lasaitasuna eman zigun eta inolako presiorik gabe partidaz partida joan gara.
Bigarren faseko talderik onena izan zarete, eta orain Lauko Finala, non eta etxean.
Bigarren faseko lehen postuak Espainiako Txapelketarako txartela emateaz gain, Lauko Finala Malosten jokatzeko aukera ematen du. Helburua lehiakorrak izatea da, eta ahal izanez gero etxean txapeldun izendatzea. Horretarako, lehendabizi, finalaurrekoa irabazi behar dugu, baina ez dugu gauden lekura arte ekarri gaituen mentalitatea aldatuko: partidaz partida joango gara. Euskal Ligan urte osoan zehar ondo baino hobeto ikusi den bezala, edonork irabazi diezaioke edozein talderi.
Asteburu bikaina izango da, beraz.
Guk, adibidez, bi partida galdu genituen jarraian Easo eta Araskiren aurka eta bazirudien lehen posturako aukerarik gabe geratuko ginela, baina hainbestekoa da berdintasuna gainontzekoek ere huts egin dutela. Lauko Finaleko lau taldeak oso sendoak dira, eta oso arriskutsuak, beraz, berdintasun eta maila handia izango dugu. Hasteko, CB Araba finalaurrekoko aurkaria.